Aurkezpena

Irakurlearen Kabia

Txori orok behar du bere kabia, goxo eta bero hartuko duen gunea. Eta horixe izan nahi du Kabia honek Orixeko txoriño gazte, hegazti heldu edota txori-zaharrenentzat, denentzat: txepetx, txantxangorri, kardantxilo, okil, zozo, eskilaso, oilagor, eper, bele, arrano, sai…/… Denok izan dezagula nora jo irakurriz gozatzen ikasteko!

Fauna zabala egiten dugu Orixeko ikasle, irakasle, guraso eta inguruko guztiok; hala ere argi dago irakurketak denok ase gaitzakeela. Asmoa horixe da, denon artean denontzako baliagarri izan daitekeen tresna eskaintzea bakoitzak bere maila eta gustuko irakurgaiak bila eta irakur ahal ditzan!

Irakurgaien erreferentziak emango dizkiguten erreseinak izango dira beraz kabiaren lehengai garrantzitsuena, eta horrekin batera, ikasleen idazlanen eta sormen lan idatzien erakusleiho ere bihurtu nahiko genuke.

Kabia pixkanaka denon gustuko diren jakiez betetzen joango gara eta guk uste baino lehen liburu-gida ederra osatzeko aukera paregabea izango dugu. Horretarako, noski, guztiok gure aletxoa jarri beharko dugu.

Kontsultak denok egin ditzakezue nahiko erraz, hizkuntza eta adin tartea aukeratuz (edota azken berrietan begiratuz). Erreseinak edota bestelako lanak eskaintzeko orduan, ikasleek irakasleengana jo ezazue, eta beraiek jarriko dute zuen lana blogaren administratzaileen esku (Hizpro). Azkenik, Hezkuntza komunitateko gainontzeko kideok (gurasoak, laguntzaileak, tutoreak, anaia-arrebak…) blogak eskaintzen duen “kontaktuak” atala erabil dezakezue zuzenean gurekin harremanetan jartzeko.

🎼Nola kanta, nola xirula, nola kanta xoxuak ♬♩♩♩♩♩♬

HIZPRO (Ikastetxeko Hizkuntza Proiektu Batzordea)

2018ko maiatza

Advertisements

Blog at WordPress.com.

Up ↑

%d bloggers like this: