ANTSO NAGUSIA, BASKOIEN ERREGE HANDIA

Irakasleek Irakurlearen Kabiari buruzko azalpenak eman zizkigutenean, ideia ona iruditu zitzaidan libururen bat irakurtzea eta hari buruzko erreseina egitea. Liburu hau irudiengatik erakargarria egin zitzaidan, beraz, irakurtzea erabaki nuen, gainera, ez da luzea. Liburua narratiba da.

Liburu honen idazlea Toti Martinez de Lezea da, 1949an Gasteizen jaioa. Idazle izateaz gain, haurrentzako bideo eta telebista saioen gidoilari eta zuzendari ere izan zen. Eleberri historikoak idazten ditu gehienbat.

Liburuaren protagonista nagusia Antso Gartzes da. Hamabi urterekin, 1004. urtean, Iruñeko Erresumako errege izendatu zuten: Antso III.a Nagusia. Haren osaba txikiarekin, etorkizunerako egitasmoei buruz hitz egiten zuen. Hemezortzi urte bete zituenean, Muniarekin ezkontzera behartu zuten, nahiz eta berak nahi ez izan. Aurrerago, familia osatu zuen eta liburuan hainbat gertakizun kontatzen dira. Baina, etorkizunerako pentsatutako egitasmo guztiak beteko al dira?

Liburua ez zait asko gustatu, oso motza baita. Narrazio laburra da beraz, ez ditu xehetasun asko kontatzen; gehiago jakiteko gogoarekin geratu naiz. Aldi berean, hiztegia ez da oso erraza; pertsonaien eta tokien izen asko ere agertzen dira. Dena dela, liburuan erabiltzen diren hainbat hitz, Geografia eta Historia ikasgaian landutakoak dira.

Nire ustez, 12 urtetik gorako gaztetxoentzat da liburu hau. Bukatzeko, Historia gustuko baduzu eta kontakizun laburrak gustatzen bazaizkizu liburu aproposa izan daiteke.

Eider Etxeberria DBH 2B

Liburuaren izenburua: Antso Nagusia, baskoien errege handia
Idazlea: Toti Martinez de Lezea Argitaletxea: Txalaparta
Generoa: Narratiba

Utzi iruzkina

Create a free website or blog at WordPress.com.

Up ↑